XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bertsolari baten filosofia: Oiartzungo Kazkazuri

Aurreko batean zerbait esan nuen bezela, nere ustez bertsolariak berak asmatu behar ditu bere bertsoak.

Bertsolariak, hasteko, bere mundu berezia, aztertu egin behar du.

Bere bizitzaz eta ingurukoenetaz iritzi nagusiak eduki behar ditu.

Hau da: bertsolari-poeta izateko beharrezko den filosofia baten jabe izan behar du.

Zergatik esaten da inoiz bertsolari batetaz, edo gizon berezi batetaz, hoiek ateraldiak dauzka horrek delako esaldi hori? Bertsolari horrek bere esaera eta ateraldiekin arrituta uzten gaituelako, hain zuzen.

Filosofo bat delako; ez baita aski jendea arritzeko hitz-joko soilak egitea.

Hizketaren jokoak pentsamolde eta ikusmolde berezi bat adierazi behar du.

Pentsamolde horren zer eta nolatasuna garrantzitsu izanik, ez da ordea garrantzitsu ordenamendu txukun bati atxikia doalako; txukuntasun hori da gutxiena pentsamoldea bera aztertu eta juzgatu nahi badugu, iritzi politiko, gizartetsu eta moralak jokoan jarriko ditugu, eta orduan bakoitzak bere iritzi hoien arauera bertsolaria onartu edo gaitzetsi lezake.

Baina hori beste historio bat da, eta horrek ez dio bertsolariari bere indar poetikorik kentzen.

Esaten ari naizenaren ejenplotzat Oiartzungo bertsolari zahar bat artu nahi dut gaur; ez bertsolari hori onenetakoa zelako, ez eta oso ezaguna izateagatik ere, adierazi nahi dutan hontarako ongi datorkigulako baizik.

Joxe Joakin Urbieta, KAZKAZURI, Oiartzungo Zurko baserrikoa zen.

Hemeretzigarren mendearen bukaerako eta hogeigarrenaren hasierako bertsolari zahar tipiko haietakoa omen zen: bizitza desordenatuko gizon biurri xamarra, ez zerurako eta ez lurrerako izaten ez diren hoietakoa.

Berak bertsotan esan zuen bezela, txiki-txikitandikan arro ta tunante, etabar.

Baiña KAZKAZURI zen bezelakoa izatea genuke gutxiena (horrelako jende asko, ezagutu izan dugu), berak izate hori guztia bertsoen bitartez, eta filosofatuz, eman izan ez bazigun.

KAZKAZURI-k, une berezi batetan, bere bizitzari begi-zeharka so egiten dio.

Orduan bere burua ispillu batean bezain argi eta garbi ikusten du (gauza zailla).

Eta oraindik zaillago den beste zerbait egiten du: bere burua den bezela onartu, eta bere buruari irri egin.

Horra hor benetako filosofia bat, norberaren bizitzari buruzko filosofia ukakorra.

Kazkazurik ez du errukirik eskatzen, ez du aldatzerik espero, ez du damutasunik erakusten.

Kazkazurik, hain zuzen, garai hartako (eta beste garai guztietako) jende gehienaren amets eta helburu diren osagarri eta doaiak ostikoz jotzen ditu: edertasuna, ezkontzaren bidez nabarmentzen den maitasuna, fama ona, aberastasuna, eta gaiñerako guztiak.

Kazkazuri, beraz, ziniko sentimental bat da; fameliadun gurasoentzat oso ejenplu txarra.

Baiña nortasun aundiko bertsolari bat, eta hortan datza bere garrantziaren kakoa.

Kazkazuri bere buruaz zerbait esaten ari den bezela, besterenaz ere zerbait esaten ari baita.

Bizitzaz, bizitzaren garrantziaz eta nolatasunez zerbait esaten ari baizaigu: zerbait hori beltza da, baiña poesi bezela eder da.

Eta poeta-filosofo izatearekin, Kazkazurik bere etorkizuna salbatu egiten du gaur bere bertsoak estimatzen eta gogoratzen baititugu, eta ez bere bizitza epaitzen.

Kazkazuriren hau beste askoren arteko ejenplo soil bat litzake, baiña balio duela uste dut.

Bertsolariak bere bizitzaren biurgune eta kontradiziotatik atera behar du gai, bere nortasun osoa adierazi behar digu; eta horretarako, sortzea beharrezko da, sortzen saiatzea, eta ez da aski teknika eta molde soil batekin agindutakoaren menpeko gelditzea.

Hona hemen, argibidez, Kazkazurik bere bertsorik onenetan esan zizkigun gauza arrigarri eta bereziak:

Azkenik, bertsolari hontaz gauza gehiago jakin nahi duenak, aita Zabalak Auspoa sortan atera duen liburua ikusi lezake.

Kaskazuri zenaren baserria. XABIER LETE.